lunes, 7 de abril de 2014

BEGI LAUSO HAIEI


Argazki hari begira jarri zen berriro ere. Beste istorio baten hasiera balitz bezala, milaka aldiz kontatu izan zituenak bezalakoa. Hasieran seme-alabei eta gero bilobei. Kulunka-aulkian esertzen zen egunero bezala, kale izkina bati begira zedion lehio baten ondoan. Kafe errea usaintzen zuen sukaldetik, usaimenak funtzionatzen zion beintzat. 

Esku zimurtuek behin eta berriro igarotzen zuten argazki zuri-beltza. Eskuari bira eman eta berehala pentsatzen zuen, jada ahurreko marka horiek ezabatzen joan beharko zirela. Ez zuen beste argazki edo kuadrorik gelan, zenbait ispilu baino ez. Baina zertarako izan ispilu bat, aurrean jarrita aurpegi triste hori bakarrik ikusteko. 

Gurpildun aulkia martxan jartzen zuen eta apaletako liburuei begira jartzen zen. Liburu guztiak idazle berarenak ziren. Baina ez zuen idazlea nor zen gogoratzen.

Pospolo bat hartu eta kandela bat piztu zuen, beste mordo baten ondoan. Ez zuen gogoan haiek denak piztu zituenik. Murumakur begiratu zion lurrari, erantzunenbat galdu eta bertan bilatuko balu bezala.

Astiro-astiro bueltatu zen lehengo lekura, seguru sentitzen zen bertan. Argazkia berriro ere eskupean hartu eta aurpegia laztandu zion begiak itxita. Malko bat gordetzen zuten bere begi lausoek. Izan ere inoiz ez konturatu liburueta eta bere eskumuturrean izen bera zegoela. Ispilu aurreko emakume hurak identitaterik ba ote zuen. Tamalez, ez zuen argazkiko gizon galai hura ezagutzen, baina ikusten zuen bakoitzero hartaz maitemintzen zen.